Helburuak
ERAKUNDEAREN HELBURU NAGUSIAK
NAFARROAKO ARARTEKOAREN HELBURU NAGUSIAK, 2007KO AZAROAREN 7AN NAFARROAKO PARLAMENTUAREN FORU ARAUBIDEKO BATZORDEAN AZALDUAK.
I. JARDUERAREN GAINEAN ORO HAR.
1. Proposatu den lehenengo helburua -dagoeneko lortuta- izan da Erakundearen titulartasuna transferitzeak, 2007an egindakoak,entitatearen funtzionamenduari ahalik eta gutxiena eraginen ziola ziurtatzea. Gai honetan, esker onik zintzoena eman nahi diot nire aurrekoa izan den María Jesús Aranda Lasheras andreari, baita bere taldeari ere. Sei urtetan egin duten lanean erakutsi dituzten profesionaltasunak, arretak, eta ongi eginak ahalbidetu dituzte Erakundea eratzea eta sendotzea, eredugarritzat jo nuen transferitzea, eta erakundearen titular berriaren lana erraztea.
2. Nafarroako Arartekoak erakutsi du baliabide egokia dela sei urteotan ondoko hiru jarduera alor hauek estaltzeko, Nafarroako hiritarren zerbitzurako:
-Beren kexei erantzuteko, Nafarroako administrazio publikoek (tokikoek zein foralak) -bertako edozein organok edo pertsona publiko zein pribatuk- egiten ahal dituzten axolagabekerietatik eta gehiegikerietatik babeste aldera. Alor hau bere betekizun nagusia da Foru Komunitateko Arartekoa xedatzen duen Foru Legeak berak zehaztutakoarekin bat.
-Nafarroako Parlamentura, Nafarroako Gobernura, eta administrazio publikoetara helarazteko, bai txosten berezien bidez, bai beste bide laburrago batzuen bitartez, nola hobetzen ahal diren pertsonen eskubideen gauzapena edo biztanleriari gehien eragiten dioten zerbitzuak ematea. Arreta berezia jartzen da hainbat alorretan: talderik babesgabeenak, elbarriak, gaixoak, etab.
-Legeek aitortu eta babesten dituzten eskubideak gauzatzearen gainean herritarren egiten dituzten kontsultei erantzuteko, eta, hori abiapuntu harturik, erreklamazioak, eta egintza judizial edo administratiboak aurkeztuz gero, nora jo aholkatu ahal izateko. Aipatutakoak Nafarroako Arartekoaren eskumenak ez badira, Gorte Nagusiek izendatutako Arartekora edo beste entitate edo organo batzuetara bideratzen dira, besteak beste: Kontsumoko Arbitraje Batzordea, hauteskunde batzordeak (hauteskundeak izanez gero), epaitegiak eta auzitegiak (inter pribatos harremanak badira). Halaber,herritarrei administrazioaren jarduketetan eskubideen gaineko uste okerrak edo zalantzak argitzeko aritu da Arartekoa.
-Bere eskumeneko alorretan txostenak igortzeko agintea duen erakunde gisa, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako administrazio publikoek hala eskatuta.
Bosgarren alorra jartzen ahal da, nire aurrekoak erakundearen lana eskaini zion gaia, alegia: Arartekoa zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko entitate bihurtzea, lankidetzan aritzeko hitzarmenak izan zituen toki entitateena, alegia. Hitzarmen hauek "herritarren eskubideen aldeko toki hitzarmenen" bidez bideratu ziren.
Hala ere, ene irudiko Erakundearen paper gehigarri honen gaineko gogoeta egin behar da, antzeko beste erakunde batzuek hartzen ez baitute. Hainbat gauzapen izan dira: Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru legea onartu da, xede horiek ebaluatzeko batzorde bat eratuta, eta zerbitzu publikoen kalitatearen autoebaluazio metodoak -foru lege honetatik datozenak- sustatu eta sendotu, eta Estatuak Kalitatea Ebaluatzeko Agentzia. Aurrekari hauek direla eta, konbentzimendu handiz ebaluaziorako esfortzuak jartzen ditut foru lege berri honek eratutako erakundeetan. Halaber, Erakundearen jarduera birbideratu nahi dut lehendabiziko lau jarduera alorrak -arestian aipatutakoak- sendotze aldera. Bestalde, jarduera berri hau garatzeko ez dira giza edo ekonomia baliabide gehiagorik beharko, kontuan harturik Nafarroako Arartekoaren Foru Legeak espresuki aipatzen ez duela.
2007ko maiatzeko hauteskundeak izan ondoren,udal berriak eta Nafarroako Gobernua eratzeko unea egokia iruditu zait puntu honetan aurreko etapa bukatzeko, beste jarduera batzuk baztertu gabe: arestian aipatutako Ebaluazioaren Foru Legearen aplikazioaren jarraipena egitea, edo Nafarroako administrazio publikoei gomendatzea, behar denean, politika publikoak ebaluatzeko teknikak eta ematen dituzten zerbitzu publikoen kalitatearen autoebaluazioa gehiago erabiltzeko.
3. Kexen alorrean ari garenez -gogoratu behar da kexei erantzutea dela Erakundearen muina-, egungo titularrak kargua hartu zuenetik lortu nahi izan den helburua izan da kexen sorburua ahalik eta azkarrena konpontzea.
Hartaz, 2007ko martxoaren 22tik urriaren 30era 331 kexa itxi dira. 2006an denboraldi berean itxi ziren 218ren aldean %52ko igoera izan da. Denboraldi berean 263 kexa sartu dira, iazko denboraldi bereko 281en aldean (%6,4 gutxiago). Bestalde, oraindik erantzun behar diren kexen kopurua (kexa irekiak, oraindik aztertzen ari direnak) 188tik 122ra jaitsi da (-%35).
4. Erakunde arinagoa.
Epe motzerako beste helburu bat izan da kexen tramitazioa sinplifikatzea, herritarren bermeak murriztu gabe eta kalitatea edo kexak ebazteko ezartzen den irizpidearen zorroztasuna alde batera utzi gabe.
Herritarren artean Erakundeak ospe ona izan dezan, hiru ezaugarri izan behar ditu gutxienez: azkarra, zuzena, eta eraginkorra izatea.
Azkartasuna bermatze aldera, bi neurri hartu dira, baita barneragokoak diren beste batzuk ere:
Alde batetik, hasi gara ez onartzen a limine hasiera batetik funtsik ez duten kexak edo eskubideren bat urratzen duen irregulartasun administratiborik ez dutenak. Erakundea arautzen duen Foru Legeak aukera hau onartzen du, bi xedetarako: herritarrarengan kexak aurrera eginen duela itxaropen alferrik ez sortzea, hasiera batetik aurrera egiteko aukerarik ez dagoela antzematen bada; eta, bestalde, aztertu beharreko erakundearen jardueraren gainean txosten alferrak sobera ez zamatzea, funtsik gabeko kexa hauengatik. Hori dela eta, onartu ez diren kexen kopurua %23,3ra igo da, irregulartasunik antzeman ez baita. Arrazoi guztiak kontuan harturik, onartu ez diren kexen kopuru osoa %43 ingurukoa da.
Bestalde, hasierako txostena gutxiagotan eskatu zaie administrazio publikoei. Hasierako eskaera egiteaz gainera, hiru gehiago eskatzeraino heltzen zenez, ikerketa luzatzen zen alferrik, herritarraren kalterako. Esan behar da gehiago jotzeagatik administrazioak ez zuela azkarrago erantzuten. Gaur egun, hasierako txostena eskatzen da, Foru Legeak aurreikusten duen bezala, eskaera berriz egiten da eta, aurreko bi eskaerak betetzen ez badira -kudeaketa ofiziosoak egiteari utzi gabe- gaiaren muina ebazten hasten da ondoko bi abiapuntu hauek kontuan harturik: Erakundeak ziurtzat jo dituen gertakariak eta kexan pertsonak azaltzen dituen gertakariak egiazkoak direlako ustea, betetzen ez duen administrazioak kontrakoa erakutsi nahi izan ez duen neurrian.
5. Kexen izapidetzea sinplifikatzeko eta azkartzeko ildo horretatik, internet erabiltzea sustatu da kexak aurkezteko. Urrats alferrak kentzeko saiakera egiteaz gainera, kexen aurkezpena eskuragarriagoa, azkarragoa, eta erosoagoa izateko ahalegina egin da.
Hartaz, 2006an kexa guztien %7,9 Inteneten bidez aurkeztu ziren. 2007an, berriz, portzentajea 24,3ra igo da, hots, iazkoa halako hiru. Datozen urteotan oraindik gehiago haziko dela aurreikusten da, informazioaren teknologiak gehiago erabili ahala (gaur egun, Nafarroako jardueraren %40 inguru baliabide horren bidez egiten da).
6. Erakunde zuzenagoa.
Erakundea zuzenagoa izateko, kexak "juridifikatzea" bilatu dugu, hau da, egiazko eduki handiagoa duten kexei tratamendu juridiko handiagoa ematea, eta eskatzen dutena ebaztea irizpide legal garbi eta iraunkorrak oinarri harturik, batez ere Auzitegi Konstituzionalaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziekin bat, baita Giza Eskubideen Europako Auzitegiarekin bat ere. Hori dela eta, zalantzazko irizpideak eta, subjektiboak izateagatik, kritikagarriak diren horiek bazterrean uzten dira.
Horrela, kexak aztertzeko zorroztasuna handiagoa da, eta Erakundearen ebazpenak behar den aginte moral eta juridikoaz janzten dira, hasiera batetik Ombudsmanaren kargua diseinatu zen aginteaz, alegia.
7. Erakunde eraginkorragoa.
Hala ere, zalantzarik gabe, gutxienez Erakundearen titularrarendako, helburu nagusienetatiko bat da Erakundea tresna erabilgarria eta eraginkorra izatea herritarren eskubide publiko subjektiboak bermatzeko, Nafarroako administrazio publikoek urratzen ahal dizkieten eskubideak kontuan harturik.
Hasiera batetik, Erakundea saiatu da betetzen administrazioak onartutako ebazpenen portzentajea igotzeko helburua, herritar baten eskubidea, ordenamenduak babesten duena, urratu ahal izan dela ikusten badu. Honek jarraituko du izaten esfortzu nagusienetariko bat. Ildo horretatik, ondoko erakundeen sustapena eskatzen du: Nafarroako Parlamentu, Nafarroako Gobernu, eta udalenak, kasu horietan mugatuak.
Egundaino, onartu diren gomendio eta iradokizunen batez bestea hiru laurdenekoa da (%75). Honek erakusten du bere erabakiak, egokiak izateaz gainera, onartzen direla, eta ikuskatu diren administrazioek gehiago laguntzen dutela.
8. Lan ildoa denez, herritarrei eskainitako lanean Erakundearen eraginkortasuna sendotzeko, eta balio hau objektiboki neurtzeko -beste neurri bat bezala-, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Zerbitzu Karta idatzi da. Idazketan Erakundeko langileen ezinbesteko parte-hartzea izan da. Honako hauek egiten ditu kartak: erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazioa herritarrei eman, bion arteko harremanetan; zerbitzu hauek hobeki emateko konpromisoak sartu; eta adierazleak finkatu, zerbitzuen kalitatea eta, oro har, beren eraginkortasuna eta eragingarritasuna baloratzen ahalbidetzen dituztenak. Zerbitzuen Karta onartzea atzeratu da ekitaldi honetan Nafarroako Parlamentuari Karta abiatzeko borondatearen gaineko informazioa eman arte. Aipatutako dokumentuaren ale bat duzue karpetan, informazioa izan dezazuen.
II. ERAKUNDEAREN KOMUNIKAZIOAREN ETA EZAGUTZAREN GAINEAN
9.Kargua hartu zenean, bi arrisku antzeman ziren -honela adierazi zuten komunikabideek-: herritarrek Erakundea gutxi ezagutu, edo eginbehar instituzionalaren gaineko pertzepzioa Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoa arautzen duen Foru Legeak xedatutako eginbeharrekin bat ez etorri.
Herritarrei Erakundea gehiago ezagutarazteko, Nafarroako administrazio publikoen jarduera ikuskatzen duen gogatzeko agintea hobeki ezagutarazteko -baita bere eskumenen mugak ere-, eta zuzen eta eraginkortasunez Erakundearengana jotzeko era argitzeko, Nafarroako Arartekoa sustatzeko helburua hartu zen, honako bitarteko hauen bidez:
-Instituzioen publizitate kanpaina bat Nafarroako prentsan. Kanpaina hau garatu zen iragarki baten bidez, Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan. Lau egunez argitaratu zen bietan, 2007ko apiril eta maiatzean. Geroago, kexen eta kontsulten igoera txiki bat antzeman zen -espero zena baino txikiagoa-. Hala ere, internet gehiago erabiltzen zela nabaritu zen kexak aurkezteko, eta kontsultak egiteko, telefonoa, arestian azaldu dudan bezala.
-Erakundearen balantzea, egungo titularrak kargua hartzetik sei hilabeterakoa. Ondoko helburuak ditu balantzeak: komunikabideei jakinaraztea herritarrek aurkezten dituzten kexak zein diren, zer gaik kezkatzen dituzten, zer alderdi kontsultatzen diren gehien, zer administraziori aurkezten diren kexak, erakundea noraino onartzen den, etab. Neurri egokia izan zela garbi dago, hamabi komunikabide agertu zirelako: prentsa, irratia, eta telebista. Argi da aldian behin esperientzia errepikatzea komeni dela, jakin-mina pizten duen artean, behinik behin.
10. Halaber, Erakundearen web orria berritu eta eguneratzen da etengabe. Bertan, mota guztietako informazioa lortzen ahal da Arartekoaren gainean: eginbeharrak, antolamendua, ezarri beharreko arauak, emandako ebazpenak, txostenak, Erakundearen titularraren eguneroko jarduera, eta antzeko erakundeekiko estekak. Horrela, web orria Erakundearen erakusleihoa da, herritarren begi-bistan kokatua, baita bere jarduera nagusiaren isla ere, aldioro eguneratua. Ildo horretatik, erakunde demokratiko guztiei eskatu behar zaien gardentasuna erakusteko tresna da.
11.Nolanahi ere, aurreikusten da etorkizunean kanpainak egin beharko direla aldian behin (beharbada, urtero bakar bat egitearekin aski izaten ahal da), tokiko prentsan egindakoaren antzekoak. Kanpaina hauek erakundearen jarduera azalduko dute, baita erabili nahi dutenek nola egin ere.
12. Erakundearen eraginkortasuna handitzeko aipatu den helburua aitzinatze aldera, egoki jotzen da:
-Jardunaldi instituzionalen bat egitea, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei Erakundearen jokaera eta haiekin harremanak izateko era azalduko dizkiena. Hartaz, Erakundea herritarren funtsezko eskubideak eta libertate publikoak interpretatu eta ikuskatzeko alorrean agintaria dela ikusiko da, bere erabakien garrantzia argi gera dadin. Hiritarrek Erakundearen eginbeharra ezagutzea beharrezkoa bada, are garrantzitsuagoa zerbitzari publikoek jakitea Arartekoak herritarren eskubideak zaindu, eta zerbitzu publikoak nola ematen diren ikuskatzen duela, eginbehar hauek behar den bezala ematen direla berme gisa.
-Nafarroako udaletara joatea eta bisitak egitea.
-Ikastetxe, egoitza, eta beste establezimendu eta entitate batzuetara joatea, Erakundea herritar ahulenen eskubideak bermatzen aritzen dela ezagutarazteko.
13.Nolanahi ere, uste dugu oso egokia dela Erakundeko ordezkariek parte hartzea Erakundearen gainean edo herritarren eskubideen gainean eztabaidatzen den foro eta ekitaldietan, kasu guztietan bere irizpide independentea erakutsiz.
14.Halaber, herritarrek Erakundea nola baloratzen duten jakiteko ikerketak aldian behin egitea aztertzen ari gara, Arartekoaren eraginkortasuna ebaluatzeko. Herritarren iritzia entzunik, funtzionamenduan hobekuntza etengabeak sartu ahalko dira, baldin eta aurrekontuek horretarako aukera ematen badute.
15.Nolanahi ere, egungo inkesta sistema mantendu eta hobetuko da kexaren bat izapidetu edo konpondu zaien pertsonendako. Duela bi urte, sistema honek ahalbidetzen du, horren gainean herritarrek benetan zer iritzi duten jakitea. Inkesta horien emaitzak urteko txostenetan sartzen dira, 2006koan ikusten ahal den bezala. Gaurdaino, eta 2007ri dagokionez, 10 pertsonatik 7ren iritziz erabilgarria da Erakundea, eta lortzen duen nota 6,5 ingurukoa da.
16. Atal honen azken puntu gisa, Erakundea ikertuko lukeen izaera juridikoko liburu bat sustatu nahiko nuke, horren gainean Nafarroako zientzia aditu nagusiek idatzita, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleek gehienbat.
III. ERAKUNDEAREN ANTOLAMENDUAREN GAINEAN: LANGILERIA ETA AURREKONTUAK.
17. Behin titularrak kargua harturik, lehenengo helburua izan zen aholkulariek eta aldi baterako langileek osatutako plantilla ixtea.
Horretarako erabili zen lehenengo irizpidea izan zen plantilla handitzeko langile gehiagorik ez hartzea. Egoki jo zen orduan zeuden langileekin jarraitzea, behar berriak antzematen ez ziren artean, behinik behin.
Bigarren irizpidea izan zen aipatutako plantilla egokitzea ezarri nahi zen ikuspegi berriaren arabera. Horrela, bi aholkulari arduradun izan ordez, bakar bat jarri zen. Ildo beretik, bigarren lanpostu hau berregokitu eta aholkulari tekniko bihurtu zen.
Era berean, beharrezkotzat jotzen da hurrengo plantilla organikoan goi mailako teknikari aritzeko egungo lanpostua birmoldatzea eta aholkulari tekniko bihurtzea -eskaera eginen diot Nafarroako Parlamentuari-, kexak aurkeztera edo kontsultak egitera bertaratzen diren herritarrei informazioa ematen dien postua, alegia. Aurkezten diren kexa anitz lanpostu hori betetzen duen pertsonak bideratu, erantzun, edo ixten dituenez, zuzenagotzat jotzen da aipatutako pertsonak gainerako aholkulari teknikoen tratu juridiko bera izatea.
Labur edanda, helburua da jarraian zehazten den aholkulari plantilla mantentzea: aholkulari arduradun bat (beste Autonomia Erkidego batzuetan albokoak edo aholkulari buruak dituzten eginbeharrak hartzen dituena) eta lau aholkulari tekniko (bi aholkulari kexak bideratzeko, aholkulari bat txostenetarako eta barne jarduera sustatzeko eta jarraipena egiteko -idazkari nagusi izendatuko litzatekeena, estatuko Arartekoaren eta autonomietako arartekoen idazkaritza nagusiekin harremanetan egon ahal izateko-, eta beste aholkulari bat jendaurreko eginkizunetarako), horietariko bi bigarren aholkulari arduraduna eta plantilla organikoko goi mailako teknikaria birmoldatzetik etorriak.
Horrez gainera, aholkulari guztiak, bai arduraduna, bai teknikoa, zuzenbidean lizentziatuak eta funtzionario publikoak dira (horietariko bakar bat izan ezik, herritarrendako informazio alorreko ardura bete duena). Foru Administrazioa edo Nafarroako Toki Administrazioa ezagutzeaz gainera, Zuzenbide Konstituzionalean edo Administratiboan eskarmentu handia dute. Horietariko batzuk unibertsitateko irakasle aritu dira. Horren xedea izan da Erakundeari nabarmendu nahi zaion izaera juridiko eta teknikoa sendotzea, Nafarroako administrazio publikoen jardueraren aurrean Arartekoa herritarren eskubide publiko subjektiboen bermatzaile objektibo, inpartzial, eta independentea baita.
Azkenik, aldi baterako plantillari dagokionez, kabineteburua kendu, eta Nafarroako Arartekoaren Idazkaritza bete du zuzendaritzako idazkari titulua duen pertsona batek. Lan honetan eskarmentu eta merezimendu egiaztatuak izateaz gainera, giza baliabideetako enpresa ezagun batek aukeratu zuen hautagai batzuen artean.
18.Langile funtzionarioen plantillari dagokionez, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioak direnez, kargua hartzeko unean zeuden lanpostu berak mantendu dira (administrazio-kudeaketarako teknikari bat, bi administrari, eta gelazain bat). Salbuespen bakarra aipatu da, hots, zuzenbidean lizentziatu lanpostua aholkulari tekniko bihurtu eta lanpostuko gehigarri bat ezarri -dagoeneko Parlamentuak onartua- administrazio-kudeaketarako teknikari lanposturako, kontu-hartzailetzari eta bulegoko administrazio alorreko ardurari dagozkion eginbehar berriak hartu baititu.
19. Batzuetan, administrazio jarduera biziagoa egoten delarik, aldi baterako kontratua egin zaio administrari bati, aipatutako jarduera arintze aldera. Hautatzeko, zerrenda bat egin da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hala proposaturik aukeratu diren pertsonek osatua, proba bat eginik eta beste merezimendu objektibo kontuan harturik.
Egokia izanen litzateke zerbitzu alor hau sendotzea, egungo jarduera eta kontsultetatik eratorritako jarduerak igo baitira -funtsik gabeko kexak aurkeztea saihesteko, edo zerbitzu publikoen gaineko erreklamazioak beste erakunde batzuetara bideratzeko (kontsumitzaileen eskubideak, esparru judiziala)-. Horretarako, administrari lanpostu bat sortu behar da, behar denean Nafarroako Parlamentuari eskatuko zaiona.
Labur esanda, funtsean, egungo plantilla aurtengo urtarrileko bera da. Aldaketa bakarrak izan dira birmoldatze tekniko txiki batzuk eta administrari berri bat jartzeko aurreikuspena.
20.Aurrekontuei dagokienez, lortu beharreko helburua da Erakundearen benetako jarduerari egokitzen zaion aurrekontu bat ezartzea, eta, ondorioz, 2008an gastua geldiaraztea. Horretarako, eskatu den aurrekontua ia hasieran 2007an aurreikusitakoa da (%-0,61), edo, bestela esanda, %8,2 txikiagoa, 2007ko aurrekontu bateratuaren aldean.
IV. NAFARROAKO PARLAMENTURAKO TXOSTENAK.
21.Kexekin batera, urteko txostenak eta txosten bereziak dira Erakundearen bigarren jarduera nagusia. Txosten hauen bidez Nafarroako Parlamentuari azaltzen zaio Nafarroako administrazio publikoen jarduera, bere behatoki paregabetik Nafarroako Arartekoak ikuskatzen duena. Halaber, ahalbidetzen dute baloratzea zerbitzu publikoen kalitatea eta funtzionamendua, eta herritarren eskubideen errespetua. Txosten hauen bitartez, eskumena duten administrazioei igortzen zaizkie proposamenak, iradokizunak, edo aholkuak; ematen dituzten zerbitzuak hobetze aldera.
Urteko txostenari dagokionez, honako hauek dira Erakundearen helburuak:
-Nafarroako Parlamentuari 2006ko txostena aurkeztea, nire aurrekoak 2007an egiteko denborarik izan ez baitzuen.
-2007ko urteko txostena idazten hastea eta 2008ko lehenengo lauhilekoan Nafarroako Parlamentuari aurkeztea, urteko txostenak aurkezteko urteroko data muga apirilaren 30 izateko.
-Urteko txosten honen edukia sinplifikatzea, Erakundearen jardueraren gaineko funtsezko informazio laburragoa -herritarren benetako arazoen gainekoa, alegia- emateko.
-Txosten hauek Erakundearen web orrian argitaratzea, talde interesdunek kontsultatzeko, eta zabaltzeko, baztertu gabe paperen gaineko ohiko formatuan egiten den argitalpena.
22.Txosten bereziei dagokienez, aurrekoan azaldutako asmo bertsua dugu, hots, beren edukia sinplifikatzea, erabilgarriagoak eta irakurtzeko modukoak izan daitezen, jakinarazten den gaiaren mamira erraz heltzeko eta mardulena aholku eta ondorioen atalean kokatzeko.
Helburua ez da sektore baten analisi eta azterketa burutsu eta handiak egitea, gauzatzean ekonomia aldetik gastu handia ekartzen ahal dutenak. Aitzitik, Asmoa da -Erakundea arautzen duen Foru Legean agertutako ikerketa ezformala eta ikuskapena kontzeptuetatik hurbil- herritarrak kezkatzen dituzten arazoak hartzea eta behar den Administrazioari eta, egokia bada, Nafarroako Parlamentuari, aholku eta hobekuntza sorta bat arintasunez proposatzea, aipatutako erakundeek baloratu ahal izateko.
Txosten hauen helburuak ez du izan behar administrazio jardueraren kritika negatiboa. Txosten hauek dokumentu irekiak izan behar dute, administrazioarekin batera eginak. Demagogiarik gabe, administrazioarendako proposamen eta aholku errealak, sinesgarriak, eta baliagarriak jaso behar dituzte, herritarren oinarrizko eskaera orokorrei erantzuten dietenak. Ikuspegi honen ondorioz, sustatuko da -eta nahi izanen da- txostenaren izaera; hau da, kontrolatzeko edo gaitzesteko tresna desatsegina izan ordez, Erakundea administrazioarekin lankidetzan aritzeko bidea izanen da.
23.Proposatzen da -goreneko helburua jarrita, eta xedeak ez erdiesteko arriskua izanik ere- Nafarroako Parlamentuari ondoko txosten bereziak egitea eta aurkeztea. Laguntzeko edo erreferentzia eskaintzeko harremana izanen da hau, ondokoak baztertzen ez dituena: gaurkotasuna galdu ahala, txosten batzuk atzeratzea; gai interesgarriagoak atera ahala, berri batzuk sartzea; edo txostenak idazterakoan garrantzi handiagoko alderdietan kokatzea,besteak beste.
A) GIZARTE GAIAK ETA KONTSUMOA:
-Nafarroako administrazio publikoen jardueraren gaineko txostena, adingabeen babesari buruzkoa. Nire aurrekoak egin zuen lehenengo zirriborroa eta egungo taldeak bukatu du azken bertsioa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren laguntzaz (egungo Gizarte Gaietako Departamentua).
-Pertsona nagusien eskubideen gaineko txostena: Adin guztiendako gizartea. Zaharrek ere badute zeresanik. Era berean, lehenengo zirriborroa da, nire aurrekoak egindakoa. Aurrekoan bezala, egungo taldeak bukatu du azken bertsioa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren laguntzaz (egungo Gizarte Gaietako Departamentua).
-Gizarte zerbitzuen gaineko Foru Legetik datorren gizarte zerbitzuen zerrendari buruzko txostena, 2008an indarrean sartuko dena. Prestazioaren oinarrizko kalitatea bereziki lantzen du. Dagoeneko, lehenengo alegazioak egin zaizkio lehenengo zirriborroari.
-Borondatez edo bortxaz erakunderen batean sartuta dauden herritarren (adingabeak zein nagusiak)oinarrizko eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko administrazio behaketen gaineko txostena.
-Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen defentsa bermatzeko eta prozedura eraginkorren bidez beren segurtasuna, osasuna, eta legezko interes ekonomikoak babesteko Nafarroan dauden mekanismoen gaineko txostena.
B) OSASUNA:
-Nafarroako osasun sektore publikoan dagoen bortizkeriaren gaineko txostena. Fenomeno honi aurre egiteko aholkuak. Dagoeneko, Osasun Departamentuari lehenengo zirriborroa igorri zaio.
-Osasun publikoaren esparruan erabiltzaileen eskubide eta betebeharren gaineko proposamenen txostena.
-Alzheimerra duten gaixoen gaineko txostena. Nafarroako botere publikoen arreta oro har hobetzeko aholkuak.
-Osasun zentroetan sartuta eta inmobilizatuta dauden gaixoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko behaketen gaineko txostena.
C) EKONOMIA ETA OGASUNA:
-Nafarroako zerga-sistema foralaren gaineko txostena (zerga zuzenak bereziki, zeharkakoak arautzeko gaitasuna baldintzatuta baitago), foru araudiak ondoko printzipio konstituzionalak betetzen ote dituen kontuan harturik: unibertsaltasuna, ahalmen ekonomikoa, zerga-justizia, berdintasuna, progresibotasuna, eta konfiskazioa debekatzea. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari testu bat igorri zaio bere iritzia lortzeko.
-Nafarroako tokiko zerga sistemaren gaineko txostena, aurreko ikuspegi beretik.
-Ondokoaren gaineko azterketa orokorra jasotzen duen txostena: Nafarroako Foru Komunitatearen gastu publikoa eta baliabide publikoen bidezko banaketa, eraginkortasuna, eta eragingarritasuna xedatzen dituzten konstituzio printzipioak betetzea, herritarren eskubideen ikuspegitik. Helburua da behatzea zer programari ematen zaien baliabide bolumenik handienak, XXI. mendeko Nafarroako gizartearen eskaera nagusiei oro har erantzuten duten balorazio laburra eskaintzeko: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte laguntza, obra eta zerbitzu publikoak, segurtasun publikoa, etab., babestu
D) HEZKUNTZA:
-Hezkuntza alorrean jasotako kexen gaineko txostena, gurasoek ikastetxeak aukeratzearen gainean bereziki.
-Ikastetxeetan ikasle etorkinak hartzeko, hezkuntza arautegi berriaren eraginaren gaineko txostena, eta ikasle hauek sartzerakoan bereizkeriak saihesteko neurriak.
-Ikastetxeetan eskola jazarpena saihesteko jartzen diren neurrien gaineko txostena.
E) HIRIGINTZA, INGURUMENA ETA ETXEBIZITZA
-Etxebizitzan izandako kexen gaineko txostena. Proposamenak eta beste neurri erreal batzuk, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatze aldera, etxebizitzaren gizarte politikaren ikuspegitik.
-Hirigintza eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko oinarrizko baldintzen gaineko txostena, eta Nafarroako foru legeak eskubide hauek nola jasotzen dituen.
-Udalen plangintza orokorra dela eta, administrazio-isiltasunaren teknikaren gaineko txostena. Dagoeneko, lehenengo txostena idatzi eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorri zaio, bere iritzia eman dezan.
F) FUNTZIO PUBLIKOA:
-Funtzio publikoa dela eta, foru legediak funtzionarioen eskubideak eta betebeharrak -oinarriko legediak aitortzen dituenak- noraino jasotzen dituen aztertzeko txostena, Langile publikoen oinarrizko estatutua onartu ondoren.
G) HIZKUNTZA ESKUBIDEAK:
-Euskararen Foru Legetik eratorritako hizkuntza eskubideen gaineko txostena (idatzizko harremanak, errotulazioak, merezimenduak baloratzea). Alor hauetan kexak aurkeztu dira azken urteotan. Txostena ondu da honako hauek abiapuntu harturik: alde batetik, Euskararen Foru Legearen helburuak, eta, bestalde, herritarrek Nafarroako hizkuntza honetaz informazioa jasotzeko eskubideak, euskaraz informazioa jasotzea eskubide publikoa baita.
H) HERRITARREN SEGURTASUNA:
-Ondoko gaia aztertzen duen txostena: Administrazioek noraino betetzen dituzten Nafarroako Foruzaingoko edo Udaltzaingoetako polizia-etxeetan atxilotutako pertsonen oinarrizko eskubideen errespetua bermatzeko neurriak; tratu txarrak izateko arriskua dela eta, prebentziorako hitzarmenarekin bat.
I) HERRITARREN ESKUBIDEEN BABES MAILA HOBETZEA ADMINISTRAZIOAREN JARDUERAN
-Jarduera publikoa antolamendu juridiko-administratiboaren hainbat gaitara orokorki zabaltzeko aukera aztertzen duen txostena.
-Toki entitateei lizentziak emateko prozedurak arintzea aztertzen duen txostena.
-Nafarroako Administrazio Publikoek zerbitzuen kartak noraino aplikatzen dituzten aztertzen duen txostena.
-Nafarroako Administrazio Publikoetan datu pertsonalen babesaren gaineko txostena.
Txosten hauek egiteko, gehienbat eskubideen gaineko kontsultak argitzen eta kexak bideratzen direnez, Erakundearen baliabideak erabiltzerik ez badago, Nafarroako unibertsitateetako irakasle titularrei eskatuko zaie laguntza.
V. ERAKUNDEA ANTOLATU ETA BERRITZEAREN GAINEAN.
24.Asmoa da Erakundea antolatzeko eta funtzionatzeko egungo Araudia berrikustea, eduki batzuk sinplifikatzeko; gai hauek Nafarroari baino, probintzia batzuez osatutako beste erakunde batzuei edo erakunde konplexuei hobeki egokitzen baitzaizkie. Halaber, sartu nahi dira denborak aurrera jo ahala antzeman ahal izan diren hobekuntza batzuk, Erakundearen titularraren ordezkapena, esaterako, barne jardueretarako.
25.Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak, hirugarren xedapen gehigarrian, aurreikusten du behin indarrean sartu eta handik bost urtera erakundearen buruak berak Nafarroako Parlamentuari proposatu ahal izatea erakundean egin beharreko aldaketak. Eta aldaketa horiek proposatzeko, arrazoitutako txostena egin behar du.
Zazpi urte iragan dira, eta erakundea sendotuta egoteak eta horren funtzionamenduak antolakuntzari eta funtzionamenduari dagozkion zenbait aldaketa aztertzeko bidea ematen dute. Beharrezkoa joko balitz, denbora nahikoa iraganik, Foru Araubideko Batzordean aurkeztuko litzateke, behar diren aldaketak proposatzeko.
VI. BESTE ERAKUNDE BATZUEKIKO HARREMANAK.
26. Erakundearen asmoa da mantentzea, eta beharrezkoa izanen balitz, hobetzea, Nafarroako Administrazio Publikoekiko harreman instituzionalak: alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin bereziki, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariaren bitartez; eta, bestalde, udalekin (Iruñeko eta Tuterako Udalekin bereziki, biztanleria handiena izateagatik; gainerako udalak baztertu gabe, garrantzi instituzional bera baitute). Ildo horretatik, eskertzekoa da Iruñeko Udalak emandako urratsa, zuzentzen dudan Erakundeari dagozkion gaietarako zinegotzi delegatu bat izendatu baitu. Honek bi erakundeen arteko harremana erraztuko du bereziki.
27.Harreman hauek hobetzeko, eta ikerketen izapidetzea arintze aldera, Nafarroako Gobernuarekin hitz egiten ari gara, eta, modu apalagoan, Iruñeko Udalarekin, erakundeen arteko komunikazio elektronikoa ahalbidetuko duen lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko.
28.Halaber, Erakundeak mantendu eta hobetu nahi ditu -bere autonomia baldintzatu gabe- Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoarekiko harremanak. Behar bezala, esperientzia eta arazo komunak trukatuko dira, horietariko anitz antzekoak baitira. Halaber, Autonomia Erkidegoetako erakunde parlamentarioekin eta eginbehar antzekoak dituzten beste herrialdetakoekin hobetuko dira harremanak, bai aldebikoak, bai parte-hartze multilateralerako foroetan izaten direnak (Espainiako Arartekoak koordinatzeko Jardunaldiak, duela gutxi Bartzelonan izandakoa, esaterako, Europako Arartekoen Sarea, eta Iberoamerikako Ombudsmanen Federazioa).
29.Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak mantendu nahi dira, bekadunen prestakuntzari dagozkionak bereziki (gaur egun, hiru bekadun laguntzen ari dira Erakundean, herritarrari informazioa emateko alorrean bereziki, horietariko bat herritarrekin ahozko harremanetan aritzeko). Halaber, erakunde hauen interes komunen gaineko ekitaldiak eginen dira, herritarren eskubideei lotuak.

